Komunitatea

Ekonomia politikoaren kritika ez dago hilda. Gizartearen eta historiaren zientzia den heinean, mundu mailan kapitalismoaren hedapenaren baitan ezartzen diren harremanak aztertzen ditu. Boterearen kritika gisa, kapitalaren metaketa, bere dinamikak eta krisiak aztertzen ditu, Karl Marxen esanetan, "burgesen buru gainera inoiz bota den misilik handiena" izateko helburuarekin. Asmo hori eztabaidagarria izan badaiteke ere, praktika eta antolakuntza politikorako duen potentzialtasuna oraindik ikerketa esparru da guretzat.

Karl Marxen obrak (1818-1883) erantzun zientifikoa eta kritikoa eman nahi die gure garaiko auziei, baina zabalik uzten du gizarte burgesaren etorkizunari dagokion galdera. Bere jaiotzaren berrehungarren urteurrenean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Politika eta Administrazio Zientzietako Sailak Marxen pentsamenduari eskainitako nazioarteko kongresua antolatuko du Parte Hartuz Ikerketa Taldearen eta Betiko Fundazioaren laguntzarekin. Kongresuaren helburua Marxen pentsamenduaren harrera tradizioak zein Marxen iraultzaren teoriatik ikaspenak ateratzea eta berauek eztabaidatzea. Kongresua 2018ko martxoaren 1 eta 3 artean izango da.